XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sagrario Aleman, Transiberianoan bidaiatzeko asmotan.

Munduan zehar ibilia dugu Sagrario Aleman.

Ezagutzen dituen herrien zerrenda ematen hasi zaigunean non egon ez den esatea errazagoa gertatuko litzaiokeela iruditu zaigu.

Hungarian, Israelen, Grezian, Mexikon, Italian eta beste hainbat lekutan egon da Sagrario, ondo aprobetxatu bait ditu urtero hilabete t`erdiz hartzen dituen oporrak.

Oporrak hartzeko hilabete onena iraila iruditzen zait, ez bait ditut jende multzoak maite, baina askotan Uztailean eta abuztuan hartu behar izaten ditut, esan digu telefonoz Bidarrainen ikastaro bat egiten aurkitu dugun Sagrariok.

Gehienetan hiru zatitan banatzen ditut oporrak: aurten, adibidez, hamabost egun eman ditut Iruñean, lasai-lasai, ondoren UEUn egon naiz lanean eta, azkenik, Catalunyan eta Valencian egon ondoren Iparraldera etorri naiz.

Beste batzutan Europan zehar ibiltzen naiz hirugarren hamabostaldian, nahiz eta iaz Mexikora joateko profitatu.

Mexiko asko gustatu zitzaion eta era guztietako ibilgailuak erabili zituen herri hartan, baita oinez ibili ere.

Gaixorik etorri nintzen, paludismoak jota, baina berehala gainditu nuen, gaitz erdi, komentatu digu Sagrariok.

"Hegoamerika sakonean ezagutu nahi nuke baina bertara joatekotan epe luzerako izan behar, hain bidaia luzea egin ondoren hala izan behar bait du....

Norabaitera itzultzekotan, Hungaria aukeratuko luke Sagrariok.

Bertako giroa asko gustatu zitzaidan eta lagunak egin genituen.

Jende lasaia iruditu zitzaigun eta ondo ulertu ginen, nahiz eta bertako hizkuntza ez jakin...

Europako iparraldeko herriak gustatzen zaizkio ere, baina oso herri garestiak direnez ezin oraingoz Sagrariok asmo hori bete, bai ordea oso erakargarria gertatzen zaion beste bidaia egiteko esperantza izan: Beti nahi izan dut tren transiberiano famatuan ibili eta hasia naiz dagoeneko bidaia hori egite asmoz sosak aurreratzen, esan digu Alemanek.

Ea bidaietan argazki asko egiten duen galdetu diogu.

Argazkiak egiteko oso txarra naiz eta, maleta egiterakoan kamara ahaztu ez badut, oso argazki klasikoak eta txarrak egiten ditut bidaietan.

Eskerrak postalak saltzen dituztela....

Esaniko hitzak asko eskertzen dizkiogu Sagrariori, ustekabean harrapatu bait dugu Bidarrainen ustez salbu zegoenean.

UEUn nintzenean jakin nuen, bai, Hemenekoak nirekin hitzegite asmotan zinetela eta dagoeneko libratu nintzela uste nuen..., esan digu.

Ez, ba, Hemeneko nekagarrion besoa oso luzea bait da. X. ARZELUS.